Bizi-Goxo

Izotzezko Sagardoa

Ardogintza munduan, ekoizpenean parte hartzen duten elementuengatik (egoera klimatikoa, hainbat mahats barietateren jokaera, ekoizpen prozesua…) bereziak eta komertzialki erakargarriak diren hainbat produktu aurki ditzakegu. Adibidez, Sauternes, Oporto edo Alemaniako uzta berantiarreko ardo gozoak, besteren artean.

Sagardogintza munduan ere badira antzerako produktuak, jatorria Kanadan duen izotzezko sagardoa bezala. Sagardo hau zuhaitzean izoztu diren sagarren muztioa irakin ostean lortzen da. Azukreen kontzentrazioari esker, sagardo honek alkohol gradu altuagoa du eta gozoa izan ohi da.

Euskal Herrian, bertan bakarrik lantzen diren sagar barietate autoktonoak ditugu. Hauen artean bada bat bere ezaugarriek besteengandik ezberdintzen dutena. Errezil sagarra du izena. Berandu heltzen da, garraztasun handia du eta azukreetan aberatsa da. Historikoki gure baserrietako ganbaretan gorde den sagarra izan da. Negu guztia irauteko gaitasuna du, usteldu beharrean ura galdu eta zimurtuz. Modu naturalean gertatzen den kontzentrazio prozesua da. Zapiain Sagardotegian Bizi-Goxo izotzezko sagardoa egiteko erabiltzen dugun sagar mota da.

Bizi-Goxo izotzezko sagardoaren ekoipznenean beste elementu garrantzitsu batek ere eragiten du: Egoitz, Mikel eta Ionek enpresako giza taldeari ematen dioten arnas-berritzea. Ate joka datorren belaunaldi berria da.

Izenari erreparatuz, “Bizi” garraztasunak ematen dion bizitasunagatik da, eta “Goxo” Errezil sagarrak duen berezko gozotasunagatik. Nahiz eta sagardo goxoa deitu, garraztasun eta gozotasunaren arteko orekak oso atsegina egiten du otordu ostean nahiz aperitibo gisa.

Dastaketa

Edari digestiboentzako kopan edateko pentsatua, aukeran kopa handia aromak senti daitezen. Tenperatura hotzean zerbitzatu, baina ez gehiegi, ezaugarriak nabari daitezen (7-8 gradu inguru).

Ondorioa

Sagarrak duen potentzial aromatikoa sagarretik edalontzira eramatea lortu dugu, buruan ditugun sagar erre zein konpotak edaritan bihurtuz.

Ikusmena:

Laranja azukreztatuaren kolorea nabari zaio, anbare eta sagar errearen diztira batzuekin.


Usaimena:

Dotorea, sagar eta bestelako fruta azukreztatuak dakartza gogora. Piku, konpota eta mahaspasa ukituak ditu.


Dastamena:

Leuna, zabala eta gozoki ukituekin. Garraztasunetik datorkion freskotasun elektriko bat du, zitriko oroitzapen batzuekin. Bukaera luze, zabal eta krematsua du.