1542
Joanes de Zapiain
Zapiain sendia sagardogintzarekin lotzen duen lehenengo dokumentua 1542ko ekainaren 3koa da. Eskuizkribu honetan ageri denez, Ana de Abedañok (Bernardino de Murgiaren alargunak) Astigarragan kokatutako 87 oineko sagastia saldu zion Joanes de Zapiaini. Dokumentu hau Murgiatarren Etxeko artxibategian dago gordeta (Valde-Espinako Markesak).
1591
Auzia eta epaia
XVI. mende amaieran Zapiain abizena zuzenean sagardoarekin lotzen duen lehenengo aipamen ezaguna ageri da, 1591 eta 1595ko arteko zenbait dokumentutan. Idatzi horietako lehenenegoa Donostiako Kontzejuak Joanes de Zapiainen aurka abiatutako prozedura bat da, hiri honetan “ordenantzaren kontra sagardo kopuru handia saltzeko asmoarekin sartu izanagatik” (1591ko irailak 17).
1595
Epai betearazlea
Urte batzuk beranduago, 1595eko azaroaren 15ean, beste dokumentu bat ageri da aurreko epaia berretsiz, “Zapiango bere etxean baita Murgia eta Astigarragako bere lurretan egin eta bildutako sagardoaren salmentaren harira”. Epai honen ondokoa ezarri zuen: “Hiri honetako harresien barruan bizi eta bertako bizilagun ez den bitartean, ez dira bere sagardoak onartuko”. Azpimarratzekoa da Juan, Joanes eta Juanes garai hartako idazkariek geure arbasoaren izen berbera idazterako orduan erabilitako forma ezberdinak direla. Gainera, XVI. mendean gutxienez izen berdina zuten bi pertsona bizi izan ziren, Joanes de Zapiain nagusia eta txikia. Dokumentu hauek Valladolideko Erret Audientzia eta Kantzelaritzan daude gordeta.
Zapiain eta Ternuako arrantza
Ternua, Norvegia eta Islandia bezalako lur urrunetara bakailaoa arrantzatu edo balea ehizatzera abiatzen ziren euskal itsas espedizioetan sagardoa oso ondasun preziatua zen. Garai artan ura ez zen edari segurua, oso erraz usteltzen baitzen. Ardoa itsasontzietako ofizialentzat gordeta zegoen, baina marinelek egunero bi litro sagardo edateko eskubidea zuten. Esan ohi da, gainera, sagardoaren kontsumoari esker arrantzaleek ez zutela eskorbuto gaitza pairatzen, C bitaminari esker.
XVI. mendeko balea-ehizaren goren-aldiarekin batea, sagardoa enpresa hauetan inbertitzeko modu bat ere bilakatu zen. Itsasontziak sagardoarekin hornitzearen truke, inbertsoreek balearen koipea jasotzen zuten, nagusiki argiztapenerako erregai bezala erabiltzen zena. Balearen koipetik eratorritako olioak Europa argiztatu zuen, eta euskaldunek etekin ekonomiko mamitsua ateratzen jakin izan zuten. Esan daiteke garaiko petrolioaren pareko izan zela.
Asko izan ziren espedizio hauetan engaiatu ziren marinelak. Itxura guztien arabera, Zapiain sendiko kide batzuk ere bai. 1572an datatutako dokumentu batean, Pedro de Zapiain eta bere suhi Juan de la Presak salaketa jarri zuten “Nuestra Señora de Iciar” itsasontzian Ternuara egindako bidaian egindako despentsari lanen soldata galdegiteko. Dirudienez Zapiainek gaixotasun baten ondorioz ezin izan zuen joan, eta haren suhiak ordezkatu zuen marinel eta despentsari lanetan, “soldataz gain balea-koipez betetako 4 kupelen truke”.
Ontzi honek 500 tonako edukiera zuen eta Domingo de Sorasu armadoreak pleitatu zuen “Ternuan koipetarako balea arrantzatzeko bidaiarako”. 1571. urtean abiatu zen Debako bizilagun Martin Garcia de Lasao kapitain zuela eta beste jaki batzuen artean “zortzi hilabetetarako adina ogi, bizkotxo, sagardo, ardo, xingar, olio, lekale eta bestelako beharrak” itsasoratu zituzten.
Martin de Zapiain kapitaina
Euskal itsasgizonak Ternuako uretan XVI. mendetik askatasunez arrantzan eta ehizan aritu izan ziren arren, XVII. mende amaieran Frantzia eta Ingalaterrako koroak zailtasunak jartzen hasi ziren, ordura arte mare liberum arauaren oinarripean burutu zen jardunari oztopoak jartzeko.
1690eko hamarkadan, Placentiako gobernadore frantsesak hegoaldeko euskaldunei kolonia horretako kostalde osoan arrantza egitea galarazi zien. Gorabehera askoren ostean, hegoaldeko euskaldunek Ternuan arrantza egiteko debekua 1713. urtean iritsi zen Utrech-eko hitzarmena sinatu eta Britainia Handiko koroak eremu haiek bere gain hartu zituenean.
Euskaldunek Kanadako arrantza kalak ustiatzeko zuten eskubidea defendatzeko helburuarekin, 1697an Donostiako hirian batzorde bat eratu zen hainbat kapitain frantses eta euskaldunen testigantza jaso eta jarduera honen zilegitasuna berresteko. Adierazpena egin zuen lehenengoa Martin de Zapiain kapitaina izan zen, 48 urtekoa eta ordurako ternuara 26 bidaia egindakoa. Honela jaso zuten hark esandakoa.