Gure historia

Astigarragako Sagardoa

Zapiain abizenak gutxienez XVI. mendetik du sagardogintzarekin harremana, euskal sagardoaren ekoizpenaren garairik oparotsuenetik alegia. Hazkunde hau balea-ehizaren garapenarekin batera gertatu zen, Euskal Herriko industria aitzindaria hain zuzen.

Zapiain eta Ternuako arrantza

Ternua, Norvegia eta Islandia bezalako lur urrunetara bakailaoa arrantzatu edo balea ehizatzera abiatzen ziren euskal itsas espedizioetan sagardoa oso ondasun preziatua zen. Garai artan ura ez zen edari segurua, oso erraz usteltzen baitzen. Ardoa itsasontzietako ofizialentzat gordeta zegoen, baina marinelek egunero bi litro sagardo edateko eskubidea zuten. Esan ohi da, gainera, sagardoaren kontsumoari esker arrantzaleek ez zutela eskorbuto gaitza pairatzen, C bitaminari esker.

XVI. mendeko balea-ehizaren goren-aldiarekin batea, sagardoa enpresa hauetan inbertitzeko modu bat ere bilakatu zen. Itsasontziak sagardoarekin hornitzearen truke, inbertsoreek balearen koipea jasotzen zuten, nagusiki argiztapenerako erregai bezala erabiltzen zena. Balearen koipetik eratorritako olioak Europa argiztatu zuen, eta euskaldunek etekin ekonomiko mamitsua ateratzen jakin izan zuten. Esan daiteke garaiko petrolioaren pareko izan zela.

Asko izan ziren espedizio hauetan engaiatu ziren marinelak. Itxura guztien arabera, Zapiain sendiko kide batzuk ere bai. 1572an datatutako dokumentu batean, Pedro de Zapiain eta bere suhi Juan de la Presak salaketa jarri zuten “Nuestra Señora de Iciar” itsasontzian Ternuara egindako bidaian egindako despentsari lanen soldata galdegiteko. Dirudienez Zapiainek gaixotasun baten ondorioz ezin izan zuen joan, eta haren suhiak ordezkatu zuen marinel eta despentsari lanetan, “soldataz gain balea-koipez betetako 4 kupelen truke”.

Ontzi honek 500 tonako edukiera zuen eta Domingo de Sorasu armadoreak pleitatu zuen “Ternuan koipetarako balea arrantzatzeko bidaiarako”. 1571. urtean abiatu zen Debako bizilagun Martin Garcia de Lasao kapitain zuela eta beste jaki batzuen artean “zortzi hilabetetarako adina ogi, bizkotxo, sagardo, ardo, xingar, olio, lekale eta bestelako beharrak” itsasoratu zituzten.

Martin de Zapiain kapitaina

Euskal itsasgizonak Ternuako uretan XVI. mendetik askatasunez arrantzan eta ehizan aritu izan ziren arren, XVII. mende amaieran Frantzia eta Ingalaterrako koroak zailtasunak jartzen hasi ziren, ordura arte mare liberum arauaren oinarripean burutu zen jardunari oztopoak jartzeko.

1690eko hamarkadan, Placentiako gobernadore frantsesak hegoaldeko euskaldunei kolonia horretako kostalde osoan arrantza egitea galarazi zien. Gorabehera askoren ostean, hegoaldeko euskaldunek Ternuan arrantza egiteko debekua 1713. urtean iritsi zen Utrech-eko hitzarmena sinatu eta Britainia Handiko koroak eremu haiek bere gain hartu zituenean.

Euskaldunek Kanadako arrantza kalak ustiatzeko zuten eskubidea defendatzeko helburuarekin, 1697an Donostiako hirian batzorde bat eratu zen hainbat kapitain frantses eta euskaldunen testigantza jaso eta jarduera honen zilegitasuna berresteko. Adierazpena egin zuen lehenengoa Martin de Zapiain kapitaina izan zen, 48 urtekoa eta ordurako ternuara 26 bidaia egindakoa. Honela jaso zuten hark esandakoa.

Gipuzkoako lurraldeko bizilagunek, lekukoak egin bezala, bakailaoa arrantzatu dutela ez Frantziako ez beste erreinuetako bizilagunen aldetik ezein portutan inolako eragozpen edo oztoporik izan gabe, eta nazioen edo lehian zeuden norbanakoen arteko inolako ezberdintasunik egin edo lehentasunik jarri gabe, eta frantsesekin berdintasunean,  lehentasuna emanez horietako edozein portutara aurreneko iritsi zirenei.

Gure sagarrak

Gure upategia